Skip to main content

Ezaugarriak

Fondtesoroak inbertsio-fondoen modalitate berezi bat dira, eta ondarearen zatirik handiena Altxorraren Baloreetan inbertitzen dutela da haien ezaugarri nagusia.Hortaz, aukera ematen diote inbertitzaileari —partaidea esaten zaio inbertsio-fondoetan— zeharka Altxorraren Baloreetan inbertitzeko:baloreak berak zuzenean izan beharrean, partaidetzak ditu inbertsio-fondoan, eta fondo hori da bere zorroan Altxorraren Baloreak dituena.

Fondtesoroak Sozietate Kudeatzaile jakin batzuek sustatu eta administratzen dituzte. Sozietateok, hautapen-prozesu bat gainditu ondoren, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Altxor Publikoarekin. Horren aginduz, zenbait baldintza bete behar dituzte, zehazki: ehuneko jakin bat Altxorraren Baloreetan inbertitzea, Fondoari eta partaideari zordundutako komisioetan muga batzuk ez gainditzea eta partaide izateko oso kopuru handiak ez eskatzea. Ordainetan, Fondtesoro marka eta Altxor Publikoaren publizitate-laguntza erabiltzen uzten die hitzarmenak.

Fondtesoroek kapitalizazio-erregimenean jarduten dute beti, eta, beraz, zorroko baloreengatik jasotzen dituzten errendimenduak partaideen artean banatu beharrean, inbertitu egiten dituzte berriro. Horri esker, abantaila fiskalak lortzen ditu partaideak; izan ere, ondare-aldaketatzat hartzen dira lortutako errentak eta ez dute zergarik ordaintzen harik eta partaidetzak berreskuratzen diren arte (ikusi Fondtesoroen abantailak)..Avantatges dels Fondtesoro).

Gutxieneko inbertsioa egin nahi duen edonork inbertitu dezake Fondtesoroetan. Gutxieneko hori ezin da 300 €-tik gorakoa izan. Praktikan, kopuru txikiagoak finkatu dituzte Sozietate Kudeatzaileek Fondtesororik gehienetan.

Likidezia da inbertsio-fondoen abantaila nagusia: partaideak nahi duenean utzi dezake Fondoa, osotasunean edo zati bat; nahikoa da Sozietate Kudeatzaileari partaidetzak itzuli diezazkiola eskatzea. Sozietate Kudeatzaileek asko jota hirurogeita hamabi ordu dituzte, eskatu duten partaideei partaidetzak itzultzeko. Praktikan, denbora gutxiago behar izaten dute. Likidezia hori bermatzeko, Fondoko baliabide batzuk eskudirutan izan behar dituzte Sozietate Kudeatzaileek, partaidetzak itzultzeko eskaerei erantzun ahal izateko. Inbertitzaileak 300.506,05 €-tik gorako itzulketa eskatzen badu, hamar egun aurretik abisatzeko eskatu diezaiokete Sozietate Kudeatzaileek.

Bestalde, inbertsio segurua dira Fondtesoroak: batetik, Fondtesoroek Altxorraren Baloreetan inbertitzen dutelako ondarearen zati handi bat, eta, bestetik, Balore Merkatuko Komisio Nazionalak gainbegiratu egiten dituelako Sozietate Kudeatzaileok. Gainera, Altxor Publikoa ere gainean izaten dute erakundeok, ikusteko ea betetzen dituzten izenpetutako hitzarmeneko klausulak, hala nola, zorroaren eraketari, komisioei, informazioari eta abarri buruzkoak.

Seguruaz gain, erakargarria ere bada Fondtesoroetan inbertitzea. Izan ere, oso komisio lehiakorrak ditu, egungo Fondtesoro hitzarmenean mugatu egin baitira (ikusi Komisioak).