1. Estatuaren bonu eta obligazioen enkanteetan parte hartzea. Sortzaile bakoitzak enkante bakoitzean aurkeztu beharko dituen eskariak Altxorrak tresna bakoitzerako esleitu duen kopuruaren gutxienez % 3ko balio nominalekoak izango dira, esleipenaren marjinala baino txikiagoak ez diren prezioetan, ken 5 zentimo hiru urterako Estatuaren Bonuetarako; 10 zentimo bost urterako Estatuaren Bonuetarako; 15 zentimo hamar urterako Estatuaren Bonuetarako, eta 30 zentimo hamar urte baino gehiagorako Estatuaren Bonuetarako.
Eginbehar hauek betetzen direla aztertzen denean ez dira kontuan hartuko ondorengo baldintza bietako baten bat duten enkanteak :
- Enkantea egin baino bost minutu lehenago merkatu sekundarioan dagoen eskaintza prezioari dagokion errentagarritasunaren 2 oinarrizko puntu edo gehiago azpitik egotea enkantearen prezio marjinalari dagokion errentagarritasuna.
- Jaulkitako bolumenaren % 40 banketxe bakarrean kontzentratzea.
2. Bonu eta Obligazioen eta balore bereizien merkatu sekundarioaren likidezia bermatzea, hurrengo ataletan zehazten diren eginbeharrak beteta. Bonu eta Obligazioen kotizazio eginbeharrak beteta egongo dira kotizazioak, Altxorraren eta Finantza Politikaren Zuzendaritza Nagusiak ezartzen dituen gehienezko diferentzialekin eta gutxienezko bolumenekin, Altxorraren eta Finantza Politikaren Zuzendaritza Nagusiak onartutako egutegiaren araberako astegunetan zuzendaritza nagusi honek ezartzen dituen merkatu arautuetako edo alde anitzeko negoziazio sistemetako pantailan mantentzen badira ondorengo ehunekoak ondorengo ordu-bitarteei aplikatzetik ateratzen den denbora-bitarteetan:
Aldia
Kotizatu beharreko denbora-ehunekoa
8:30 a 17:15 horas
5 horas
Printzipal bereizien kotizazio eginbeharrak beteta egongo dira kotizazioak, Altxorraren eta Finantza Politikaren Zuzendaritza Nagusiak erabakitako gehienezko diferentzialekin eta gutxienezko bolumenekin, Altxorraren eta Finantza Politikaren Zuzendaritza Nagusiak onartutako egutegiaren araberako astegunetan zuzendaritza nagusi honek ezartzen dituen merkatu arautuetako edo alde anitzeko negoziazio sistemetako pantailan gutxienez lau orduz mantentzen badira astegun horietako bakoitzean 09:00 eta 17:15 bitartean.
Altxorraren eta Finantza Politikaren Zuzendaritza Nagusiak orain arte azaldutako kotizazio baldintzak eta ondorengo ataletan agertzen direnak aldatu ahal izango ditu, sortzaileei galdetu ondoren.
a) Merkatu-sortzaile bakoitzak merkatu erreferentzia edo benchmark gisa definitutako erreferentziak nahitaez kotizatu beharko ditu, Altxorraren Zuzendaritza Nagusiak erabakiko baititu merkatu-sortzaileei galdetu ondoren. Erreferentzia horien kotizazioan eskaera eta eskaintza prezioen gehienezko diferentzialak eta kotizatutako gutxienezko bolumenak errespetatu beharko dira, Altxorraren Zuzendaritza Nagusiak erabakiko baititu merkatu-sortzaileei galdetu ondoren.
b) Sortzaile bakoitzak nahitaez kotizatu beharko ditu printzipal bereiziak, Altxorraren eta Finantza Politikaren Zuzendaritza Nagusiak merkatu-sortzaileei galdetu ondoren erabakitzen dituen gehienezko diferentzialen eta gutxienezko bolumenen baldintzen arabera.
Printzipal bereizien kotizaziorako, merkatu-sortzaileak taldetan banandu ahal izango dira. Horrela, Altxorraren Zuzendaritza Nagusiak saskiak prestatu ahal izango ditu, sortzaileei galdetu ondoren, nahitaez kotizatu beharko diren printzipal bereiziak sartzeko. Merkatu-sortzaileen taldeei saski bana esleituko zaie. Saskiak egiteko, osatzen dituzten erreferentzien epemuga hartuko da kontuan, iraupenez eta likideziaz antzekoak izan daitezen. Saskiak aldizka aldatuko dira.
3. Altxorraren eta Finantza Politikaren Zuzendaritza Nagusiak zor merkatuaz, oro har, eta sortzaileak merkatu horretan egiten duen jardueraz, bereziki, eskatzen dion informazioa ematea.
4. Bere jarduerarekin merkatuaren funtzionamendu ona ziurtatzea, ezartzen diren eginbehar operatiboak errespetatuta eta merkatuari edo Estatuaren Zorrari okerrera eragin diezaieketen ekintzak saihestuta.